Tachado de los Pirineos

Mugen zentzugabetasunaren inguruko proiektua da “Tachado de los Pirineos” (Prinioen ezabaketa).

1659an, Pirinioetako Hitzarmena sinatu zen Faisaien irlan –munduko agintekidetza txikiena da eta Bidasoa ibaian dago, Irunen eta Hendaiaren artean–. Hitzarmenak, beste erabaki batzuen artean, Pirinioetan ezarri zuen Espainiako eta Frantziako erresumen arteko muga.

Mugakidetasunak ezaugarritzen du Bidasoa ibaiaren erdigunean dagoen irlaren ingurunea. Politikoki espainiar eta franses estatuen artean erdibana kudeatzen bada ere, egunerokotasunean monumentua duen lur zati txiki bat besterik ez da Faisaien Irla, Irun eta Hendaiaren artean dagoena, Gipuzkoaren eta Lapurdiren artean, Behobia eta Pausu auzoen artean.

Bada, proiektuak sinbolikoki ezabatu du hitzarmen horren sinadura, bi ekintzaren bitartez:

Lehenengo ekintzan, txalupa batekin joan da irlara, oihal beltz batekin estaltzera monumentuak daukan hitzarmenaren oroimenezko idatzia. Estalitako monumentuak inauguratu ez den monumentuaren itxura hartzen du; hots, indarrean ez dagoen hitzarmenaren itsura. Bigarren ekintzan, liburu bat maketatu da 1659ko hitzarmenean idatzitako benetako edukiarekin, eta 146 orrialdeetako hitz guztiak ezabatu dira, bideoan grabatuz. Idazketaren aurkako ekintzatzat jotzen da ezabaketa.